Bilboko hilketa matxista salatzeko mobilizazioa egingo dute gaur Donostian
Aurtengo Azaroaren 25eko manifestazioa, Donostian.Maitane Aldanondo Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak elkarretaratzea antolatu du gaur, hilak 27, 19:30ean, Bulebarrean, atzo Bilbon emakume bat erail izana salatzeko.
Bilbon gertatutako azken hilketa matxistari erantzuteko, kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Donostian gaur iluntzean bertan egingo dute protesta, 19:30ean Bulebarrean, Eraso matxistarik ez! Aski da! eta Autodefentsa feminista! lelopean.
Atzo iluntzean, 20:00ak aldera, gertatu zen erasoa Bilboko Indautxu auzoko Marcelino Oreja kaleko etxebizitza batean. 47 urteko gizon batek arma zuriz eraso egin zion 34 urteko bikotekide ohiari, bien 4 eta 6 urteko seme-alabak etxean zeudela.
Sei emakume erailak 2026an
Herenegun Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean milaka lagun kalera atera eta biharamunean gertatu da hilketa. Bilbokoa aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako seigarren hilketa da —aurretik Arguedasen, Basaurin, Irunen, Iruñean eta Sarrigurenen izan dira—, eta 2003. urtetik, datu ofizialak jasotzen direnetik, 138 emakume eta 13 haur hil ditu indarkeria matxistak.
Mobilizazioak Euskal Herri osoan
Donostiako hitzorduaz gain, Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak beste hainbat hiriburutan ere deitu ditu protestak datozen egunetarako:
- Gaur, azaroak 27: Iruñean, 20:00etan, Udaletxe plazan.
- Bihar, azaroak 28: Gasteizen, 12:30ean, Andra Mari Zuriaren plazan; eta Bilbon, 18:00etan, Indautxu plazan.
- Astelehenean, azaroak 30: Baionan, 18:00etan, Merkatu plazan.



