Ibaeta Basketek sasoiko seigarren garaipena nahi du
Realeko mutilen futbol taldeak Sevilla hartuko du Anoetan, eta emakumeen belar hockey taldeak Poloren zelaian jokatuko du.
Ibaeta Basketen eta Zaragozaren arteko partida, pasa den asteburuan.Ibaeta Basket Bi punturengatik galdu zuten liderraren aurka, baina erakutsitako mailaren konfiantzak ere balio du. Ibaeta Basketek denboraldiko seigarren garaipena Estudiantesen konturatu lortu nahi du. Donostiarrek Madrilen jokatuko dute bihar (19:30), eta sailkapen nagusiko bost onenen artean egonkortzea dute helburu.
Futbolean, Realeko mutilek Europa ligako galera mingarria atzean utzi beharko dute ligan irabazteko. Anoetan jokatuko dute igandean, eta Sevilla izango dute aurkari (21:00). Sailkapeneko bosgarren tokiaren lehian dauden bi taldeak aurrez aurre ariko dira, eta hiru puntuak batzen dituenak abantaila polita hartuko du.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeek partida izango dute asteburuan, aspaldiko partez. Mutilek Bartzelonaren izotz pistan jokatuko dute bihar, 21:00etan. Kataluniako talde indartsua aurretik dute sailkapenean, eta aukera ona da haiei eskua edo stick delakoa sartzeko. Neskak ere bihar ariko dira, baina Majadahondaren pistan (21:40). Donostiarrak liderrak dira, eta bigarrenaren kontra jokatuko dute. Garaipenak sekulako konfiantza emango diote Txuri Urdini.
Belar hockeyan, Realak Poloren zelaian jokatuko du etzi, 11:00etan. Kopara sailkatu izana garaipen batekin ospatzeko aukera izango dute.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Estudiantes – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 19:30)
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Reala – Sevilla (etzi, igandea, 21:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin – Bartzelona (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:40)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 11. jardunaldia
- Polo – Reala (etzi, igandea, 11:00)


