Realaren nahia eta ezina, Europan ere
Epaileak baldintzatuta, txuri-urdinek Europa ligako bigarren partida galdu dute Crystal Palace ingelesen kontra (2-1).
Sarr eta Mateta, partidako bi protagonista.Reala Ez da samurra galtzea. Are gutxiago, galtzeko modua bidezkoa ez denean. Realak ligan eta Europa ligan antzeko bi porrot kateatu ditu, eta sentsazioa ez da batere atsegina. Txuri-urdinek galdu egin zuten atzo Crystal Palace ingelesen aurkako partida erabakigarria (2-1). Irabaztea ezinbestekoa zen Europa ligako zortzi onenen sailkatu ahal izateko. Orain, ordea, hamasei edo hogeita lau onenen artean geratu beharko dute, Europako ibilbidea eten ez dadin.
Realak kontrolpean izan zuen Londresen jokaturiko neurketa. Lehen zati txukuna jokatu zuten, huts egin ezin diren gol aukerak sortu zituzten, baina hutsean iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieran, txuri-urdinek erritmo eta jarrera berarekin jarraitu zuten, eta horrela iritsi zen saria. 66. minutuan Ochieng gazteak pasa ona egin zion Sarr atzelariari, eta baloia ate barrura bidali zuen. Nagusitasunaren ondorioa izan zen, epaileak eskua sartzea erabaki zuen arte. Etxekoen aldeko penalti nahiko zalantzagarria adierazi zuen, haren ustez Jon Martinek Mateta trabatu zuelako area txikian. Gainera, bigarren txartel horia atera, eta kalera bidali zuen atzelari lasartearra.
Kolpe bikoitza jaso zuen Realak. Hamar jokalarirekin geratu eta Matetak berak berdinketa ezarri zuen markagailuan, hamaika metroetatik Marrero atezaina gaindituta. Ordutik aurrera, ingelesak hazi egin ziren, arriskua sortzen hasi ziren, eta bigarren gola egin zuten. Larsenen txilena saiakera baten bidez, baloia McNeilek Marreroren ate barrura bidali zuen. Hori gutxi balitz, Crystal Palacen aldeko beste penalti bat adierazi zuen epaileak, Solerrek area barruan eskuarekin uki zuelako baloia. Ordea, oraingoan bai, Marrerok ederki gelditu zuen Pinoren jaurtiketa. Bat gutxiagorekin minutu asko jokatu arren, txuri-urdinek azken unean berdintzeko aukera garbi bat izan zuten. Tamalez, Oskarssonen jaurtiketa ez zen ate barrura joan.
Realari hiru partida geratzen zaizkio Europa ligako ligaxka bukatzeko. Torreense eta Viktoria Plzen hartuko dituzte Anoetan, eta Juventusen aurka ariko dira Turinen. Gutxienez, hirutik bi partida irabazi behar dituzte arestian aipaturiko helburu egokituak betetzeko.


