
Urteroko legez, Urrezko Danborra emateko ekitaldia egin dute eguerdian udaletxean, eta Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jaso du hiriko oroigarri preziatua. Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.

San Sebastian eguna da, eta eguerdian, haurrek hartu dute Alderdi Eder, danborrak eta upelak astintzeko prest. 4.625 haurrek hartu dute parte aurtengo haur danborradan, eta 12:00etan puntuan, Amassorrain ikastolako Ander Alustiza Salsamendi danbor nagusiak zuzendu du San Sebastian martxa, udaletxeko balkoitik.

Plaza Berriko udaletxe zaharreko mastan da Donostiako bandera. Abiatu da urtarrilaren 20ko San Sebastian eguna, goraino bete den plazarekin, berritasunekin, pieza ia guztiekin eta urteurrenekin. Herritarrek 24 ordu dituzte aurretik egunaz gozatzeko. Gora Donostia!

Urtetan egindako lana saritzeko asmoz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du San Sebastian egunaren bezperan.