'Arrazakeriaren aurrean, klase batasuna'
Asteazken honetan, urriaren 28an, hiru hilabete beteko dira Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) herritar taldearen jarduna debekatu zuenetik; egunero, 300 bat afari bero banatzen zituzten hirian KASekoek. Horren harira, Arrazakeriaren aurrean, klase batasuna lelopean, dinamika antirrazista antolatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak, bi hitzaldiz osatutakoa.
Lehena larunbat honetan izango da (hilak 31), 18:00etan, Donostiako Zentro Sozialistan (Mundaizen, Egian): Mamadou Yero Seydi Organitzacio Juvenil Socialistako militanteak Arrazakeriari aurre egiteko gako politikoak hitzaldia emango du. Bigarrena, aldiz, mahai inguru bat izango da, eta azaroaren 5ean egingo dute, 18:00etan, Zentro Sozialistan: Donostialdeko hainbat esperientzia izango da izenburua, eta Unai Apaolazak (Ehun mugimendua), Agus Rodriguezek (Kaleko Afari Solidarioak) eta Ainara Aldarondok (Donostiako Harrera Sarea) hartuko dute parte.

