Antolakuntza, berme bakarra
Azkartasuna eta kontsumoa (politikoa bada ere) nagusi diren garai hauetan, Maricarmen auziaren eta Madrildik datorren zarataren harira, hitz batzuk idaztea ezinbestekotzat jo dugu sindikatuan. Ea denon artean argitasun pixka bat eskaintzen diogun auziari.
Eztabaida planteatzen duenak eztabaida bera kontrolatu egiten du maiz, eta horren aurrean gure gertuko errealitatea ezagutzea ezinbestekoa da, eztabaidaren aurrean ondo kokatzeko.
Koiunturak estutzen duenean, ohikoa izaten da norabidea galtzea eta momentuko olatuan surf egiteko grinak gure jardun guztia baldintzatzea; eta horren aurrean, momentu batez gelditu eta hausnartzea ezinbestekoa dugu.
Askotan aipatu dugu, etxebizitza sindikatua, politika publikoak bultzatzetik harago, gure klasea antolatzeko eta mota guztietako errentatzaileei aurre egiteko eraikitzen ari garen tresna dela. Presioa, negoziazioa, alokairu grebak, demandak, etxebizitza turistikoen debekuak eta abarren bitartez, kapitalari espazioak borrokatu, eta gure klasearen bizi baldintzak hobetzearekin batera, bizi dugun egoera etorkizunean errepika ez dadin ari gara lanean; hain zuzen ere, boterea eraikitzeko tresna dela uste dugu.
«Lege baten existentziak ez du horren aplikazioa bermatzen, eta beraz, gu gara legea beteko dela ziurta dezakeen berme bakarra»
Jakin badakigu Maricarmen dekretua inflexio puntu bat izan daitekeela bide honetan, gure klasearen bizi baldintzak hobetzea beti izango delako berri on bat. Argi eduki behar dugu, hala ere, dekretu hau denboran zehar egosi diren antolakuntza prozesu ezberdinen ondorioz datorrela, han eta hemen egunerokoan etxebizitzaren desmerkantilizazioaren alde lanean aritu diren etxebizitza sindikatuen lanaren ondorioz, hain zuzen ere. Dena den, euren ipurdia salbatu nahi duten politikarien oportunismoa ere gehitu behar zaio egoerari.
Argi eduki behar dugu, baita ere, lege baten existentziak ez duela horren aplikazioa bermatzen (hau astero ikusten dugu sindikatuan), eta beraz, gu garela legea beteko dela ziurta dezakeen berme bakarra.
Horregatik, mobilizazioetan parte hartzearekin batera, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea osatzen duten sindikatuetan antolatzera deitzen dugu. Etxebizitzaren erabateko desmerkantilizaziora bidean, indarrak batu eta etorkizuneko Euskal Herriaren gizarte egituraketan aurrerapausoak emateko.
Etxebizitzaren negozioaren aurrean, urriaren 2an, kaleak hartuko ditugu. Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik.

