Greba orokorrak babes zabala izan du hirian

Milaka pertsonak parte hartu dute hilaren 30eko mobilizazioetan. Sindikatuek zein herritarrek pikete informatiboak egin dituzte goizetik auzoz auzo, eta eguerdiko manifestazio orokorra jendetsua izan da.

greba orokorra donostia

(Argazkia: Joseba Parron / Irutxuloko Hitza)

Donostiako kaleetan duintasunaren aldeko oihu zein aldarriak entzun ziren atzo, greba orokorraren harira egindako mobilizazioetan. Lan eta bizitza duina eskatu zuten donostiarrek. Bereziki, esanguratsua izan zen eguerdiko manifestazioa. Sagues, Amara Berri eta Antiguatik abiaturiko zutabe jendetsuek Artzain Onaren parean bat egin zuten, baita Alderdi Ederretik abiatu ziren pentsiodunek ere. Edizio hau ixteko orduan, arratsaldeko manifestazioa hasi gabe zegoen.

Lan eta bizitza duina denontzat lelopean abiatu zen 12:45 inguruan eguerdiko manifestazioa. Hainbat silueta eraman zituzten aurrealdean joan ziren grebalariek, horien bitartez lan arloan ahaztuak edo desagertuak gelditzen diren pertsonak irudikatuz: paperik gabekoak, bekadunak, etxeko langileak, gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkietenak, eta, oro har, greba egiterik ez dutenak. Horrela, egoera oso prekarioan dauden langileak, kasu askotan, ikusezinak direla salatu nahi izan zuten manifestariek.

Alderdi Ederren elkarretaratzea egin ostean, Artzain Onaren katedralaren ingurura abiatu ziren pentsiodunak, eta oso harrera ona izan zuten han. Pentsiodunak izan ziren manifestazioa abiatu aurretik, oihu eta aldarri gehien egin zituztenak. Batez ere, 1.080 euroko pentsio minimoen aldekoak. Era berean, metroaren aurkako protesta ere egin zuten San Martin kalean, martxa abiatu behar zenean.

Mugimendu feministak ere bat egin zuen greba orokorrarekin, eta auzoetako piketeetan presente egotearekin batera, bloke propioa osatu zuten eguerdiko manifestazioan. Koldo Mitxelena aurrean elkartu ziren, bandera eta besoko moreak jantzita. Atzokoa, zazpi urtean Euskal Herrian egindako lehen greba orokorra izanagatik, azken bi urteetan grebara deitu zuen mugimendu feministak, eta mobilizazio horietan landutakoa eta aldarrikatutakoa gaurko protestetan ere txertatu zuten. «Greba orokorra, greba feminista da», aldarrikatu zuten feministek.

Aldarrikapenak
Hiru sindikatuko kamioi bat eta EHNE sindikatuko traktore batek gidatuta abiatu zen eguerdiko martxa Bulebarrera. Manifestazio burua iristerako, jende asko oraindik Erdialdean zegoela adierazi zuten sindikatuek. Bulebarreko ekitaldian hitza hartzen lehenak pentsiodunak izan ziren. «Denok jarraituko dugu batasunean eta aniztasunean borrokan helburuak lortu arte. Horregatik, bat egin dugu greba orokorrarekin. Pentsio publikoen defentsa garrantzitsua da, orain eta hemen, baina baita ere etorkizunean», azaldu zuen Karlos Etxeberria pentsiodunen ordezkariak.

Gora Ikasleon Borroka! ikasle gazteen kolektiboak ere bere presentzia aldarrikatu zuen atzo. «Ikasgelak hustuz kaleak betetzeko deia luzatu genuen, eta baita bete ere. Hamaika arrazoi ditugu greba egiteko, eta ikasleok nahi duguna adierazi nahi dugu. Hau da, hezkuntza sistema propio, burujabe eta duina», adierazi zuten Adur Berasategi eta Izaro Telletxea ikasle gazteek. Lan eta bizitza duinaren aldarriari, berriz, «garraio duina» oihukatu zuen Hiru sindikatuko kide Jaione Ugaldek: «Neurriak hartu behar dituzte garraiolari autonomoen duintasuna bermatzeko».

ELA eta LAB sindikatuek ere greba orokorraren eta eguerdiko manifestazioaren «arrakasta» azpimarratzearekin batera, beste hainbat eskaera zuzendu zizkieten Bulebarrera iritsitakoei, eta baita atzoko greban parte hartu nahi izan ez zutenei. «Zenbat jende entzun dugun greba orokorraren kontra, eta begira, herriak hitz egin du, greba orokorrak irabazi du», azpimarratu zuen Igor Arroyo LABeko kideak. «Borroka aro baten hasiera da. Boterea eskatzen dugu, neurriak aplikatzeko boterea», gaineratu zuen.

Maialen Aranburu ELAko kideak bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariari mezu bat helarazi zion: «Urkullu, gezurra da zure gobernuak ezin duela ezer egin greba honen aldarrikapenak betetzeko. Pentsioak osatu ditzakezu. Herri honetako enplegu emaile nagusia zara. Ez esan egin ezin dezakezunik, esan ez duzula nahi». Bukatzeko, Joseba Tapia musikariak Lanartean euskararen langile autonomoen izenean hitz egin zuen, eta Arraun kantua jo zuen Arkaitz Miner biolin jotzailearekin batera.

Bi pikete atxilotuta
Atzo goizaldean bi pikete atxilotu zituzten Amara Berrin. Ertzaintzako iturrien arabera, bi kutxazain automatikori eraso eta hainbat denden kanpoaldean grebaren aldeko pintaketak egiteagatik. Atzo goizean Egiako epaitegian deklaratu ondoren, karguekin aske geratu ziren. Piztu Donostia mugimenduaren arabera, lau lagun identifikatu zituen poliziak.

Sindikatuek eta herritarrek pikete informatiboak egin zituzten goizean goizetik hiriko hainbat gunetan. Goiztiarrenak, Intxaurrondoko autobus biltokira eta Martuteneko 27 Industrialdera joan ziren, han lanean ari zirenei greba eguna zela gogorarazteko asmoz. ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen deialdiari erantzunez, 6:00ak aldera, ehun bat pertsona Dbusen autobus biltokiaren kanpoaldean elkartu ziren.
Martutenen beste hainbeste grebalari elkartu ziren 7:00etan. Grebaren aldeko oihuen artean, 27 Industrialdea osoa zeharkatu zuten. Lantoki gehienak itxita zeuden arren, goizak aurrera egin ahala, gero eta langile gehiago agertu ziren euren lanpostuetan, grebalarien protestak areagotuz.

Amaran, saltoki gehienak itxi zituzten. Amara Berrin, eta Antiguan, ordea, gutxiago nabaritu zen. Halere, Errotaburu inguruan ohi baino zirkulazio gutxiago nabaritu zen. Ibaetako kanpusean, fakultateak irekita egon ziren. Halere, LAB sindikatuaren arabera, ikasle asko ez ziren klasera joan. Karlos Santa Maria eraikinaren sarreran pikete informatiboan zeuden bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak. Egian, komertzio asko itxita egon ziren goizean zehar. Plaza Haundin hamaiketako herrikoia egin zuten, eta ehun bat lagun manifestazioan joan ziren auzotik, bizilagunei grebara batzeko dei eginez.

Erdialdean, bankuetako langileak eta erresidentzietako langileak batu ziren. Piketeak ondotik pasatzerakoan pertsiana jaitsi zuen San Martin merkataritza guneko Zarak. Fnac zabalik mantendu zuten. Autobus geltokian, berriz, jende gutxiago, baina, oro har, ohiko martxan. Parte Zaharrean, berriz, saltoki gehienak itxita zeuden.

Altzan grebak izan zuen oihartzuna desberdina izan zen zonalde bakoitzaren arabera. Larratxon, komertzio txiki gehiena itxita zegoen bitartean, negozio gehienak irekita zeuden Harrian eta Harri Berrin. Altzako parte zaharrean saltoki txiki gehienak itxita zeuden, baina BM eta Eroski supermerkatuak irekita. Bestalde, grebalariek karabana egin zuen hamaika autorekin Garberara bidean.

HITZAkide HITZAkide