Bizitako esperientziak partekatzea
Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren baitan izandako bizipen bati forma eman eta igandean partekatzea da azkeneko proposamena.
Kike Amonarriz eta Rita Aldabaldetrekuk azaldu dute egitasmoko zazpigarren eta azken erronka. Bi parte ditu: gaurtik hasita eta larunbatera arte, helburua da hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientzia barnean izandako bizipenen inguruan gogoeta egitea, horietatik bat aukeratzea eta forma ematea, alegia, bideo, marrazki, argazki, bertso edo beste formaturen batean esperientzia hori nolabait jasotzea. Igandean, maiatzaren 3an, emaitza sare, balkoi edo leihotan partekatu behar da.
Bizipenen inguruan hausnartzeko hainbat laguntza galdera jaso dituzte bideoan: nola egin duzue? Zer sentitu duzue? Non izan dituzue erraztasunak? Non zailtasunak?
Hizkuntza ohiturak aldatzeko sei proposamen egin dituzte guztira astebetez Euskaralditik. Lehenengo erronkak proposatzen zuen euskaraz jolastea, bigarrenak lagunekin online pintxopotea euskaraz egitea, hirugarrenak bazkalorduan euskaraz aritzea, laugarrenak sareetan lan egiten jarraitzen dutenei esker oneko mezuak euskaraz bidaltzea, bosgarrenak erosketak egitera joatean, lehen hitza euskaraz egitea eta seigarrena zinea euskaraz ikustea. Gaurtik igandera egin beharreko proposamen honekin agur esaten du itxialdi egoeran hizkuntza ohiturez hausnartzeko egindako Etxealditik Euskaraldira egitasmoak. Urte amaieran egingo den Euskaraldirako beroketa izan da.