Donostiako Udalak Ategorrietako sarraskian eraildakoak "gogoratzeko asmoa" du
1931ko manifestazio errepublikazale bat, Okendo kalean zegoen Gobernu Zibilaren egoitzaren ondoan. (Argazkia: Martin Ricardo / Kutxa Fototeka) Gaur 90 urte bete dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik, eta Donostiako Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzional baten bidez “bere oroitzapena eta esker ona” adierazi die Ategorrietan eraildako zazpi langileei, haien familiei eta 1931ko maiatzaren 27ko manifestazioan zauritutako guztiei. “Aditzera ematen du, botere publikoek, egia, justizia eta ordainaren printzipioei jarraiki, memoria historiko objektiboa defendatu eta balioan jarri behar dugula, eta eskubide eta askatasunen alde borrokatu ziren pertsona guztiei zor diegun aitorpena gizartearekin partekatu behar dugula, batez ere, kasu honetan bezala, pertsona horiek ondorio pertsonalak jasaten badituzte gizarte berdinagoa eta bidezkoagoa defendatzeagatik”, adierazi dute udal talde guztiek, aho batez.
Gainera, Ategorrietako sarraskian “hil zirenen oroimena ohoratu eta gogoratzeko asmoa” duela azaldu du udalak, eta Pasaiako Udalarekin adosten diren ekitaldi instituzionaletan parte hartuko duela, “gertaera horiek ezagutu daitezen eta ahanztura kolektiboan eror ez daitezen”. Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren ekitaldi horiek, baina “ekitaldiren bat egiteko konpromisoa” hartu dute.
EH Bildu Ategorrietan izan da gaur goizean, eta lore eskaintza egin dute erlojuaren ondoan. Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziaren arabera, donostiarren herri memoria eraikitzeko garrantzitsua da Ategorrietako sarraskia ezagutzea. Instituzionalki omentzeko iradokizuna egin zion EH Bilduk udalari, eta zenbait hitzaldi eta lore eskaintza bat antolatu ditu. Zinegotziaren arabera, “Donostia orekatu eta justu batean bizitzeak ekidingo luke horrelako gertakariak egotea”. Elkarrizketa egin diogu gaiaren inguruan.
Bestelako eragileek ere omenduko dituzte duela 90 urte Ategorrietan eraildako arrantzaleak: Kontseilu Sozialistak, Ategorrieta Gogoan plataformak, eta Donostiako Errepublikarrak elkarteak, besteak beste.

