Añorga Txikiko etxebizitza proiektuan bizilagunen ekarpenak aintzat hartzeko eskatu dute
Atxiki Añorga auzo mugimenduaren martxa, udaletxe ondoan. (Argazkia: Atxiki Añorga) Atxiki Añorga auzo mugimenduak udaletxe aurrera eraman zuen giza katea, pasa den larunbatean. Izan ere, Añorgako bizilagun asko ez daude ados Añorga Txikin eraiki nahi dituzten 248 etxebizitzen proiektuarekin. Hori dela eta, Añorgan manifestazio jendetsu bat eta hainbat giza kate egin dituzte irailetik hona. Larunbatean, ordea, udaletxe ondora eraman zituzten aldarrikapenak. 255 auzotarrek parte hartu zuten giza katean.
Hirigintza proiektuan aurreikusitako partaidetza prozesua aurrera eramatea onartu zuen udal gobernuak urriko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, Elkarrekin Donostiaren eta EH Bilduren udal taldeek mozio bateratu baten bidez eskatu zioten udalbatzari partaidetza prozesua egiteko. Dena dela, Atxiki Añorgak udalari eskatu dio parte hartze prozesuan “modu eraginkorrean” aintzat hartzeko auzoaren alegazioak eta kezkak.
Añorga Geltokia izeneko hirigintza proiektuak 248 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. “Ez dute kontuan hartu urbanizazio berria lehendik dagoen auzo baten barruan egongo dela, eta, ondorioz, eremu komun mugatuak, mugikortasun eta aparkaleku arazoak, bizi kalitatearen galera eta auzoak duela hamarkada batzuetatik hona eskatzen dituen etorkizuneko azpiegitura eta zerbitzuetarako ingurune horren zati bat erabiltzea ezinezkoa dela”, salatu du Atxiki Añorgak.
Parte hartze prozesua ez dute nahi “izapide hutsean” geratzea: “Udalak auzotarrekiko duen konpromisoa benetakoa izatea nahi dugu, eta gure beharrak eta alegazioak kontuan hartzea, proiektua aldatuta. Ez gaude espazio hori berritzearen aurka, ezta etxebizitza berriak sortzearen aurka ere, baina gure iritzia kontuan hartzea eskatzen dugu, auzoaren ezaugarriak, bizi kalitatea mantentzea eta auzoa ez masifikatzea, gero konpontzea oso garestia izango den arazoak sortuz”.

