
Kaiko bizilagunak haserre daude, iaz gertatu zen moduan Eusko Jaurlaritzak arrapala itxi baitu, eta, orain, ikastaroak ematen dituztenek eta bestelako ontziek erabili dezakete soilik.

Realeko nesken lehen taldeak bere historia laburreko denboraldi onenetarikoa egin du aurten. Ez du, 2019an bezala, titulurik irabazi, baina ligan inoizko postu onenean geratu dira: bosgarren. Hala ere, datorren denboraldiari begira, kirol zuzendaritzak taldea berrosatzeko beharra du, hamar jokalari garrantzitsuk taldea utzi baitute.

Nahiz eta azken asteetako eguraldia ezegonkorra izan, bataz-besteko tenperatura igotzen ari da, eta Donostiako hondartzetan gero eta jende gehiago ikusi daiteke. Batzuek salabardoak eta hondartzako ontziak armairutik ateratzeko aprobetxatu dute, eta Kontxa hondartzako paretetan eta arroketan karramarrotxoak bilatzen hasi dira. Hala ere, kontuz ibili beharko dira eguzki izpiekin, ez badute karramarro baten moduan amaitu nahi.

Tamayo paper dendak 2020ko Espainiako Merkataritza Txikiaren saria irabazi du. Tomas Tamayok sortu zuen 1914an familia negozioa, eta etengabe berrasmatuz lortu dute irautea. Eugenio Tamayo da egungo nagusia, eta aurki seme-alabek hartuko dute haren testigua.