
Txomiñeneko urbanizazio lanek eragindako arazoekin kezkatuta daude bizilagunak. Udalaren garbiketa eta mantenu zerbitzurik gabe daude, eraikuntza enpresak obra bukatu ez duelako. Udal gobernuak ziurtatu die hobekuntzak eta konponketak egingo dituztela.

Arima Soul talde donostiarrak berritasun bat ekarri du euskal musikaren mundura: soula euskaraz. Lidia Insausti abeslariak (Gros, 1993) eta Mikel Unzurrunzaga ‘Makala’ baxu jotzaileak sortu zuten taldea, eta Paul San Martin piano jotzailearekin eta Hilario Rodeiro bateria jotzailearekin aurkitu zuten behar zuten ‘groove’-a. EP bat argitaratu dute duela gutxi, eta zazpi hazbeteko binilo bat prestatzen ari dira, besteak beste.

XX. mende hasierako Amara periferikoa, langilea eta borrokalaria zen. Hala erakutsi zuten 1919an Miguel Telloren zapata fabrikako langileek. Denak emakumeak ziren, eta soldata igoera eskatzeko greba egin zuten.

Gros Xake Taldeak 30 urte daramatza haurrei xakea irakasten, eta eliteko lehiaketetan dominak eskuratzen. Emakumeen Etxeko xake saila duela 10 urte jarri zuten martxan, emakumeek xakean jokatzen ikasi eta xake txapelketetan parte har zezaten sustatzeko.