Laura Camino da Realak iragarri duen lehen fitxaketa
Laura Camino futbolaria.Reala Bost jokalariren agurra iragarri ondoren, emakumezkoen Realak ordezko bostak lotu ditu, hedabide batzuen arabera. Ordea, bakarra da baieztatu dutena, Laura Camino kantabriarrarena. 2028-2029ko denboraldia bukatu bitarte fitxatu dute.
Santanderren jaio zen, 24 urte ditu, eta pasa den sasoian Eibarko jokalari esanguratsuena da. Klubak nabarmendu duenez, “indartsua, lehiakorra eta moldakorra da, eta jokoaren alderdi askotan nabarmentzen da”. Hain zuzen ere, erdiko lerroan eta aurrera begira jokatu ohi du Caminok.
Monte Feminas taldean hasi zen futbolean, eta ondoren, Oviedon eta Racingen jokatu zuen. Aipatu moduan, iragan denboraldian Eibarrekin aritu da maila gorenean, eta zeresana eman du berdegunean. Realak estatistika bat ere azpimarratu du: “Ligan aireko buruzko buruko lehia gehien irabazi dituen jokalaria izan da, baita intertzeptazio gehien pilatu dituena ere. Datu horiek agerian uzten dute lehian erakusten duen sendotasuna, jokaldiak aurreikusteko duen sena eta zelai osoan duen eragina”.
Caminok lehen adierazpenak egin ditu jokalari txuri-urdin gisa: “Oso pozik eta ilusioz nago. Taldea ezagutzeko eta lanean hasteko gogo handia dut, eta nire onena ematera nator”.
Beste lauak
Komunikabide batzuek aurreratu dutenez, Realak beste lau jokalari fitxatu ditu, baieztapen ofizialaren esperoan. Caminorekin batera, txuri-urdinez jantziko dira Sonya Keefe (Granada) eta Ava Seelenfreund (Torreense) aurrelariak, Ainhoa Marin (Deportivo) albokoa eta Ainoa Campo (Espanyol) erdilaria.

