Udal zerga eta tasen igoera «galarazteko» neurriak aurkeztu ditu PPk
Borja Corominas PPren bozeramailea, artxiboko irudi batean.PP Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2027rako Udal Ordenantza Fiskalei buruzko proposamena onartu zuen maiatzean, eta horren inguruko proposamenak egiten ari dira asteotan udal taldeak. Hain zuzen ere, PPk 55 neurriko proposamen bat egin du, gaztelania hutsean: hamar zuzenketa “udal gobernuak planteatutako zerga igoera orokorra eragozteko” eta 45 arau proposamen “familiei laguntzeko, tokiko ekonomia dinamizatzeko, etxebizitzarako sarbidea errazteko eta auzoetan inbertsioa indartzeko”. Gogoratu behar da udal gobernuaren proposamenak udal zerga eta tasa gehienen %2,3ko igoera orokortua aurreikusten duela.
“Lehentasuna herritarren gaineko presio fiskala arintzea izan behar da, eta fiskalitatea hiria bultzatzeko tresna gisa erabiltzea, ez gehiago biltzeko”, nabarmendu du Borja Corominas bozeramaile popularrak. Gaineratu du udalak egoera ekonomiko ona duela, “superabit handiarekin”, eta, horregatik, ez dagoela “inolako arrazoirik familiei, autonomoei edo enpresei ahalegin gehigarri bat eskatzeko, udal kontuek zerbitzuak karga fiskala handitu gabe mantentzea ahalbidetzen dutenean”.
Horrela, Corominasek azaldu duenez, PPren hamar zuzenketek “udal zerga nagusien izoztea bilatzen dute, besteak beste, OHZ, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, Ibilgailuen gaineko Zerga, TAO, zaborren tasa, garabia eta saneamendu tasa”.
Bost helburu
Gainontzeko 45 arau proposamenak “bost helburu handiren” bueltan egituratu dituztela nabarmendu du bozeramaile popularrak: familiei eta klase ertainari babesa, auzoen indartzea eta justizia fiskal handiagoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa sustatzea eta enplegua sortzea eta, azkenik, jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa sustatzea.
Familiei eta klase ertainari babesa eskaintzeari dagokionez, “familia ugarientzako hobariak hobetzea, ibilgailuen gaineko zergan onura fiskalak ezartzea, desgaitasuna duten pertsonentzako salbuespenak egitea eta baliabide gutxien dituzten familientzako ordaintzeko erraztasunak ematea” proposatu du PPk, besteak beste.
Auzoen indartzearen eta justizia fiskal handiagoaren harira, proposamen bat nabarmendu dute popularrek: “TAOk sektore bakoitzean lortutako bilketaren %10, nahitaez, auzoan bertan egindako inbertsioetara bideratzea, bai eta ekitaldi handien ondoriozko murrizketek behin eta berriz eragindako egoiliarrentzako konpentsazioak egitea ere”.
Etxebizitzari dagokionez, etxejabeen aldeko neurriak jarri ditu mahai gainean Corominasen alderdiak: “Alokairu babestuko programa publikoetan sartutako etxebizitzetarako hobariak handitzea, etxebizitza hutsen gaineko OHZ errekargua %150etik %25era murriztea eta errekargu hori kentzea salgai edo zaharberritze prozesuan daude etxebizitzei”. Hori argudiatzeko, Corominasek esan du etxebizitza hutsen kopurua “%123” igo dela hamar urteotan hirian, OHZ igota ere.
Jarduera ekonomikoa sustatzeari eta enplegua sortzeari buruz, “lanpostu egonkorrak sortzen dituzten enpresentzako zerga pizgarriak, ekintzaileentzako hobariak eta obra luzeek eragindako saltoki eta establezimenduentzako laguntzak” proposatu ditu PPk. Azkenik, jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetikoa sustatzearen harira, “gutxien kutsatzen duten ibilgailuak fiskalki saritzea, eraikinen birgaitze energetikoa sustatzea eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen instalazioa erraztea” proposatu dute popularrek.

