«1936ko kolpe militar faxista garaitu zuten pertsonak» aitortu dituzte udal talde guztiek, PPk izan ezik
Udalak "erakunde politiko eta sindikalen eta herri milizien zeregina aitortu" du: "Milizia horiek boluntarioz osatuta zeuden eta funtsezkoak izan ziren Donostia defendatzeko".
Artxiboko irudia: 'Dual' eskulturan frankismoaren biktimei egiten zaien lore eskaintza bat.Joseba Parron 90 urte bete berri dira 1936ko uztailaren 18an Espainiako militar batzuek erregimen errepublikano eta demokratikoaren aurkako altxamendu faxista egin zutenetik. Urteurrenaren harira, EH Bilduren ekimenez, “Donostian 1936ko kolpe militar faxista garaitu eta demokrazia defendatu zuten herritarrei aitortza emateari buruzko” erakunde adierazpena onartu du Donostiako Udalak astearte honetako bozeramaileen batzordean, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin. Babesa ez da erabatekoa izan, ordea, PPk ez duelako erakunde adierazpena babestu.
Hiru puntu ditu erakunde adierazpenak. Lehenik, adierazpenaren bidez, “Donostiako Udalak demokraziaren eta errepublikaren legezkotasunaren defentsan Donostian 1936ko kolpe militar faxista garaitu zuten pertsona guztiak aitortu” ditu. Bigarrenik, udalak “konpromisoa” hartu du “lanean jarraitzeko gertatutakoaren memoria berreskuratu, osatu eta ezagutarazteko, betiere frankismoaren biktimen egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea bermatuz, horrelako gertaerak errepika ez daitezen”. Eta, hirugarrenik, udalak “erakunde politiko eta sindikalen eta herri milizien zeregina aitortu” du: “Milizia horiek boluntarioz osatuta zeuden eta funtsezkoak izan ziren Donostia defendatzeko”.
“Bidezkoa” eta “beharrezkoa”
“Demokraziaren eta errepublikaren legezkotasunaren alde borrokatu ziren ideologia desberdinetako herritarren lorpen bat izan zen, eta bidezkoa da, eta, era berean, beharrezkoa, batez ere, belaunaldi berrientzat, protagonistak aitortzea, are gehiago gaur egun gertatzen ari diren hainbat totalitarismo moduren gorakadaren aurrean”, nabarmendu dute udal taldeek adierazpenean.
Hain zuzen ere, adierazpenean, udalak gogorarazi du Loiolako kuarteletako militarrak, hasierako zalantzen ostean, 1936ko uztailaren 21etik 22rako gauean atera zirela kuarteletatik, altxamenduarekin bat eginez, hiria hartzeko asmoz. Hainbat eraikin esanguratsu bereganatu zituzten, baina, Amaran, Donostiako herritar antolatuen miliziek, CNT sindikatu anarkistaren gidaritzapean, aurre egin zieten, baita geldiarazi ere —behean daukazue gerraren Donostiako kronologia—.
Horrela, Loiolako kuarteletako militarrek amore eman zuten, uztailaren 28an. Horretarako elkarrizketetan, alderdi askotako ordezkari antifaxistek hartu zuten parte, erakunde adierazpenean gogorarazi dutenez: “Lehen elkarrizketa uztailaren 27an izan zen, Urdintzu zubian. Rafael Pikabea Legia (EAJ), Juan Antonio Irazusta Munoa (EAJ), Miguel Amilibia Matxinbarrena (PSOE), Jose Maria Lasarte Arana (EAJ) eta Manuel Irujo Ollo (EAJ) —Mariano Anso Zunzar (IR), seigarren diputatua, Madrilen zegoen— Jose Vallespin teniente koronelarekin, Leon Carrasco Amilibia koronelarekin eta Enrique Erce komandantearekin bildu ziren. Ez zuten akordiorik lortu, baina bigarren bilera bat adostu zuten hurrengo eguneko goizeko zazpietarako”.
Horrez gain, egun horretan bertan, Gipuzkoako Defentsa Batzordea eratu zuten, eta probintziako eta hiriburuko agintaritza administratiboa, militarra eta ekonomikoa hartu zituen bere gain erakunde horrek. Hor ere, adierazpenean nabarmendu dutenez, askotariko erakundeetako ordezkariak zeuden: “Errepublikaren aldeko alderdi eta sindikatuen koalizio batek osatzen zuen, edo gutxienez kolpe militarraren aurka zeudenek, hala nola PSOEk, PCE-EPKk, Izquierda Republicanak, EAJk, EAE-ANVk edo CNTk, azken horrek lehen aldiz parte hartzen zuen erakunde ofizial batean”. Gauean, Vallespinek kuarteletik ihes egin zuen, eta horrek akordioa erraztu zuen. Uztailaren 28an, Lasarte, Amilibia eta Irujo diputatuak bezperako leku berean bildu ziren militarrekin, eta, bi ordu geroago, matxinatutako militarrek errendizioa onartu zuten“, gaineratu dute adierazpenean. EH Bilduk, hain zuzen ere, oroitzapen ekitaldi bat antolatu du hurrengo astearterako (hilak 28), zubi horretan.
Era berean, gertaeraren garrantzi historikoa nabarmendu dute udal taldeek: “Ez da oso ezaguna, baina Donostiarentzat ez ezik, probintzia osoarentzat ere mugarri izan zen; izan ere, garaipen horrekin, Gipuzkoa Errepublikari leial mantendu zen beste bi hilabetez gutxienez. Fernando Sasiain Brau alkateak donostiarrei dei egin zien, Udal Bandaren musikarekin garaipena ospatzeko. Hala ere, hiriak garesti ordaindu zuen Errepublikarekiko leialtasuna. Frantziak Espainian duen enbaxadorea, Jean Hebete, 1936an Donostian bizi zen, eta borroketan “150 eta 200 biktima artean” izan zirela adierazi zuen”.

36KO GERRA DONOSTIAN, KRONOLOGIA LABURRA
Uztailaren 21a
Uztailaren 18tik, tentsio handia zegoen Donostian, eta Loiolako kuarteletako militarrak hiria hartzeko prestatzen ari ziren. 21ean atera ziren Loiolako kuarteletatik, baina hiriko indar antifaxistak antolatuta zeuden dagoeneko.
Uztailaren 22a
Goizaldean, hiriko eraikin esanguratsuenak hartu zituen kuarteletatik ateratako kolpisten zutabe batek: Maria Cristina hotela, kasinoa (egungo udaletxea), Nautikoa eta Komandantzia Militarra. Beste zutabe bat, aldiz, Amaratik sartzen saiatu zen, baina Larramendi kalearen inguruan, CNT sindikatu anarkistak gidatutako erresistentziarekin topo egin zuten. Herri antolatuak militarrak geldiarazi zituen bertan.
Uztailaren 23a
Erasoa gelditzea lortu zuten errepublikanoek, eta kolpistak aipaturiko eraikin esanguratsuetan eta Loiolako kuarteletan setiatu zituzten. Kuartelen inguruan, Ametzagainako eta Polloeko eremuetan, borrokaldiak egon ziren, eta hegazkin batetik panfletoak bota zituzten kuarteletara, amore emateko esanez.
Uztailaren 26a eta 27a
Gipuzkoako indar errepublikanoen ordezkariek negoziazioak egin zituzten Loiolako kuarteletako zubian kolpisten buruzagiekin. Antifaxisten setioak aurrera jarraitzen zuen.
Uztailaren 28a
Altxamendu faxistarekin bat egin zuten militarrek amore eman zuten. Kuartelak milizianoen esku gelditu ziren, eta lehen armatze ofiziala egin zuten. Donostiako Komuna esperientzia iraultzailea jaio zen.
Abuztua
Donostia Gipuzkoako Defentsa Batzordearen esku egonik ere, frankistek zenbait erasoaldi egin zituzten, bonbardaketak eginez, besteak beste. Errepublikanoek Gipuzkoako defentsa antolatu, eta tropak bidali zituzten hainbat frontetara; Irungora, bereziki.
Irailaren 4a
Irungo frontea erori ondoren, Donostiara hurbiltzen hasi ziren faxistak. Gerra Batzordea bildu egin zen, eta irailaren lehenengo egunetan donostiarrak Bilbo aldera ebakuatzen hasi ziren.
Irailaren 13a
Tropa frankistak Donostian sartu ziren eguerdian, Mirakruz kaletik.
Irailaren 15a
Donostiako azken borrokaldiak eman ziren Mendizorrotzen. Hortik aurrera, hiria frankisten esku gelditu zen eta bukatu egin zen Donostiako Komunaren esperientzia. Frankisten errepresioa bortitza izan zen, besteak beste, ehunka pertsona atxilotu eta fusilatu baitzituzten.

