KASek salatu du Udaltzaingoa haien aurka jazartu dela
Parte Zaharreko KASeko kideak, debekuaren osteko lehenengo gauean, Plaza Berrian.Beñat Parra KASek irmoki salatu du Udaltzaingoa haien aurka jazartu dela “gose diren pertsonei ogitartekoak emate hutsagatik”, eta udalari exijitu dio haien aurkako eta laguntzen dituzten migratzaileen aurkako legez kontrako jazarpena berehala eten dezan.
Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituztenetik ez dira bi aste igaro, baina Donostian bizi diren pertsona migratzaile askoren egoera larritu egin dela salatu du taldeak. Horri aurre egitearren, taldeko kideek ogitartekoak banatzea erabaki dute, “puntu finkorik gabe eta giza erantzukizunagatik”.
KASeko kideak ez dira jazartutako bakarrak izan. Taldeak salatu du Marruma tabernako langile batek zaurgarritasun egoeran dagoen pertsona migratzaile bati pintxo bat eskaini ondoren, langilea kalera irten eta bi udaltzainek identifikatu egin zutela.
Argazkiak ere egin dizkiete
Ogitartekoak banatu artean KASeko hainbat boluntario atxikiak eta identifikatuak izan direla adierazi dute, eta, gainera, baimenik gabe jarraituak izan direla eta argazkiak atera dizkietela ere salatu dute. Udaltzaingoa elkartasuna kriminalizatzen ari dela nabarmendu dute eta bere denbora eta dirua muturreko zaurgarritasuna sufritzen diten pertsonei laguntzera bideratzen duten boluntarioak gaizkile gisa tratatuak izana onartezina dela ziurtatu du KASek.
Haiek soilik ez, Udaltzaingoak gazte migratzaileak ere identifikatu dituztela eta argazkiak egin dizkietela salatu dute, “argazki artxibo bat osatuz”. Taldeak jaso dituen testigantzek ziurtatu dute pertsona hirien itxura aldatzen denean argazkiak eguneratu egiten dituztela, etorkizunean “zerbait gertatzen bada” identifikazioak errazteko.
KASek nabarmendu du elkartasuna ezin daitekeela izan jazarria izateko arrazoi eta gose denari jana ematea ezin dela bizikidetzarentzat mehatxu gisa tratatu. Bestetik taldeak gaineratu du ez dutela onartuko elkartasuna egikaritzen dutenak beldurtzea, ezta “migratzaileak definizioz susmagarriak balira gisa seinalatuak izatea ere”.
EH Bilduk bat egin du salaketarekin
EH Bilduk jazarpen egoera “oso larritzat” jo du eta boluntarioei babes osoa adierazi die. Gosea dutenei jana ematea ez dela delitua salatu du, eta afariak debekatzea “nahikoa ez”, alkatetzak egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzen dieten herritararak “kriminalizatzen” ari dela ziurtatu du.
Hamar egunen ostean, “eta berriro gaiaren inguruan galdetu ondoren”, EH Bilduk jakitera eman du alkateak bozeramaile batzorde batera deitu dituela datorren asteko asteazkenerako, hilak 12. Halaber, alderdiak salatu du batzordea horretan KAS ez dela egongo.

