Xabier Marrero izango da Ahal Duguren Donostiako alkategaia
Xabier Marrero, artxiboko irudi batean.Ahal Dugu Ahal Dugu alderdi politikoak irailean proposatu zuen Xabier Marrero Donostiako alkategai izateko, eta hautagaitza hori berretsi dute militanteek, aste honetan bukatu den barne prozesuan. Hala jakinarazi du alderdi aurrerakoiak, eta, beraz, Marrero izango da Ahal Duguren zerrendaburua 2027ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan.
Marreroren hautagaitza ez ezik, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabakoak ere berretsi dituzte Ahal Duguren militanteek, baita Bilbokoa eta Gasteizkoa ere. Horrela, Miren Etxebeste (Gipuzkoa), David Rodriguez (Araba), Richar Vaquero (Bizkaia), Garbiñe Ruiz (Gasteiz) eta Rakel Asensio (Bilbo) izango dira gainerako hautagaiak datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan.
Marrerok, bere alderdiaren arabera, M-15aren garaian garatu zuen konpromiso politikoa. Ez du inoiz hautetsitako kargu publikorik izan, baina 2020tik 2024ra Podemosen aholkulari politikoa izan zen Eusko Legebiltzarrean, ingurumenaren eta industriaren arloetan. “Gaur egun, Autonomia Erkidegoko Herritarren Kontseiluko (CCA) kidea eta Podemos Euskadiko Ingurumen idazkaria da, URAn duen lanarekin uztartuz”, azaldu du alderdiak.
Hautagaitzak argitzen
Pixkanaka, argitzen ari da 2027ko udal hauteskundeetan Donostiako alkategaiak nortzuk izango diren. Hain zuzen ere, baieztatuta daude dagoeneko Nerea Kortajarenaren (EH Bildu), Borja Corominasen (PP) eta Xabier Marreroren (Ahal Dugu) hautagaitzak. Era berean, ezustekorik ezean, Jon Insausti egungo alkatea izango da EAJren hautagaia, alderdiak hala proposatu baitio militantziari, eta berretsi egin beharko dute orain.
Jeltzaleen gobernukide PSE-EEri dagokionez, aurreikuspen guztien arabera, Ane Oiarbide egungo udal taldeko bozeramailea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburua eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburua daude alkategai izateko aukeren artean. Hala ere, behin betiko erabakia azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren iritsiko dela aurreikusten da, PSOEk erabaki baitu udal hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko barne prozesuak hauteskunde horiek egin arte atzeratzea, Espainiako Estatu osoan.
Gaur gaurkoz, 2023ko udal hauteskundeetatik, bederatzi zinegotzi ditu EAJk Donostiako Udalean, zortzi EH Bilduk, bost PSE-EEk, hiru PPk eta bi Elkarrekin Donostiak.

