Auditz Akularren «paisaia berri bat irudikatzeko» proiektuen lehiaketa abiatu dute
Ibilaldi bat, Altzako Auditz Akular eremuan.Altza XXI Altza XXI Herri Ekimenak sustatuta eta Dunak Taldeak antolatuta, beka bat ireki dute, “Auditz Akularrentzat paisaia berri bat irudikatzea” helburu. Urriaren 29an abiatu zuten lehiaketa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ekitaldi aretoan egindako ekitaldian, eta Hiri jarraitik natura jarraitura da lehiaketaren izena. Lehiaketaren xedea da Altzako berdegune horren “balio naturalak eta ingurumenekoak eta dibertsitate ekologikoa eta soziala indartzea”. Hain zuzen ere, gogoratu behar da Donostiako Udalak nahia adierazi duela bertan Altza Berri izeneko hirigintza garapena sustatzeko, 3.000 etxebizitzarekin.
Honako laguntzaile hauek ditu bekak: European Federation of Soil and Wateer Bioengieneering (EFIB) nazioarteko beka, UNESCOren Katedra (Paisaia Kulturalak eta Ondarea), Paisaiaren Ingeniaritzako Espainiako Elkartea (AEIP), EHU Arkitektura Eskola (ETSA/AGET), Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Altza Historia Mintegia, Altza Guztion Artean eta NYKK. Bestalde, beka eta horrek ekarriko duen herritarren parte hartze prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu. Arkitektura, hirigintza, ekologia eta paisajismoko ikasle eta profesionalentzat da beka.
26 urteko ibilbidea
Altza XXI Herri Ekimenak 26 urte daramatza “Auditz Akularren balio naturalen alde lan egiten eta horiek zaintzen”, elkartearen beraren hitzetan, “Donostiako Udalak inguru natural horretan 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko egiten dituen ahaleginen aurrean”. Besteak beste, eremuaren balio ekosistemikoei buruzko lan bat egiteko enkargua egin zuen, eta, gerora, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren txosten lotesle batek gomendatu zuen Auditz Akularren ez eraikitzea.
Horrez gain, berriki, Auditz Akularreko hegazti habiagileei eta ornogabeei buruzko azterlanak aurkeztu dituzte Altza XXIko kideek, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik: 46 hegazti espezie, interes bereziko hiru espezie mehatxatu eta Hegaztien Zuzentarauaren 1. eranskinean jasotako bi espezie detektatu dituzte, baita kakalardo saproxilikoen hiru espezie babestu ere.
Orain, proiektuak aurkezteko lehiaketa bi fasetan banatuko da: lehena izena emateko, abenduaren 10era arte, eta bigarrena, non hiru talde hautatu ondoren, bi hilabeteko epea izango den proposamena garatzeko hiru A1 aurkezteko. “Bekari hiru sari ekonomiko emango zaizkio, eta, gainera, hiru talde finalistek aukera izango dute Pazko Astean Altzan bertan bizitzeko eta Auditz Akularreko giza ingurunearekin eta ingurune naturalarekin harreman zuzena izateko”, Altza XXIk azaldu duenez. Informazio guztia hemen daukazue.

