
Rosa Lopezek ezin du gehiago itxaron apirilaren 3ko finala ikusteko, eta argi dauka nola bukatuko den: Realak irabaziko du. Berarentzat ez da mutilen lehenengo finala, 1980ko hamarkadako Reala zuzenean ikusteko aukera izan baitzuen.

Amaia Rojo Realeko mutilak bigarren mailan zeudenean hasi zen taldea jarraitzen, eta orduan ezin zuen imajinatu egunen batean Kopa baten garaipena ikusiko zuenik. Duela bi urte, neskak ikusi zituen Kopa altxatzen, eta ziur dago aurten mutilak ikusiko dituela.

Ivan Garrido realzaleak nahiago zuen finala iaz jokatu izana, zalerik gabe bazen ere, Kopan aurrera egin zuten jokalari berdinek finala jokatzeko. Hala ere, Kopa Donostiara etorriko dela uste du, eta taldeaz oso harro agertu da.

Oso gaztea bazen ere, Joserra Berasategi Txirrita lagunarteko presidenteak ondo gogoratzen ditu 1980ko Realaren garaipenak. Hala ere, bere belaunaldiaren finala datorren astekoa dela dio, eta Athletic menpean hartzeko gogoz dago. Duela bi urte neskek irabazitako Kopa oso presente dauka, eta argi dauka mutilek ere irabaziko dutela.