Albiste onak
Hainbatek diote komunikabideek albiste txarrak zabaltzen dituztela nagusiki, eta, egia esan, batzuetan, hala da, halabeharrez. Egunkarietako azalak eta telebista kateetako albiste saioak dira horren lekuko. Hedabideek, baina, notizia onak ere eman ditzakete, eta eman egin behar dituzte. Urrutira joan gabe, IRUTXULOKO HITZAren bidez izan nuen duela gutxi Loiolako Toki Kultur Elkartearen berri (jolasak euskaratik eta euskaraz sortu nahi dituzte; bejondeiela!), eta baita Parte Zaharrean Martxa kafetegia zabaldu duen donostiar gaztearen berri ere. Uda sasoi honetan auzoz auzo egiten ari dira jaiak, eta hori ere, jakina, bada berri ona. Sare sozialek indibidualismora bultzatzen omen gaituzte, baina han-hemenka herritar talde ugari elkartzen dira oraindik, lagunkoi, beren auzotarrei, haur, gazte, heldu zein zahar, egun batzuetan bizipoza eskaintzeko, eskuzabal, ezeren truke: herri bazkariak, haur jolasak, erromeriak…
«Horixe eskatuko nioke IRUTXULOKO HITZAri datozen 2.500 zenbakietan: su horri hauspoa ematea: jai batzordeei, auzo elkarteei eta gisa horretako taldeei eta norbanakoei»
IRUTXULOKO HITZA 2.500 zenbakira iritsi da, eta, hain zuzen ere, hasierako lantaldeko kide izan nintzenez gero, atzera begiratu dut. Noski, hiria aldatu da; aldaketa batzuk onerako izango ziren; beste batzuk, aldiz, kalterako. Zenbat buru, hainbat aburu. Halere, arestian esan bezala, bene-benetan pozgarria da hiriko jai batzordeak (auzoetakoak, Donostiako Piratak…) sasoitsu ikustea. IRUTXULOKO HITZA sortu zenean ere —eta aurretik, Irutxulo astekariaren garaian— halaxe zen. Oroitzen dut behinola erdigunera ekarri genuela Herrerako kuadrilla animosoa, Herrerako kasta izenburupean. Beste edozein auzoren izena jarrita, izenburua baliagarria litzateke gaur egun ere, kastako donostiar asko daudelako. Eta nork bere astoari egiten dionez arre, bada, Loiolako Erriberan jarriko dut azpimarra. Auzoan ez zen inor bizi IRUTXULOKO HITZAk argia ikusi zuenean, eta 20 urte bete berri dira hil honetan lehenengook bertan bizitzen jarri ginenetik.
Hain zuzen ere, horixe eskatuko nioke IRUTXULOKO HITZAri datozen 2.500 zenbakietan: su horri hauspoa ematea: jai batzordeei, auzo elkarteei eta gisa horretako taldeei eta norbanakoei; azken batean, haiek hitz egiten dute zintzoen, zurikeriarik gabe. Hainbat arlotan diharduten donostiarrak ezagutzeko plaza ere bada komunikabide hau, eta, haietako baten, Itxaso Agirre Loiarteren, iritzi artikuluaren izenburua neure egingo dut agurtzeko: Donostia: helmuga eta abiapuntu.

