Donostian ere bada garaia
Aurtengo Aste Nagusian, bigarren urtez jarraian, Galerna egitasmoak bere egitarau propioa antolatu zuen Parte Zaharrean, beste urte batez Donostiako Piratek ukatu egin baitiote normaltasunez kofradia gisa mugimenduan parte hartzea. Lehen egunean, Ikatz kalean egin genuen bazkarian 300 lagunetik gora elkartu ginen, kalea ia osorik betez. Bazkalostean, indarkeria matxistaren aurkako argazki jendetsua atera genuen, eta KASekin eta ehunka lagun gehiagorekin batera udalaren Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikadan egon ginen, eta udalak KASen jardunaren debekuan duen ardura zuzena seinalatu genuen.
Galernaren asmoa, izan ere, sozialismoaren aldeko aldarria Aste Nagusian presente egotea eta zapalkuntza ororen aurkako kofradia izatea da. Donostian bizi dugun testuinguru erreakzionarioari aurre egiteko borondate irmoa daukagu, horren beharra ezinbestekoa baita egunotan.
Izan ere, garai nahasiak bizi ditugu: Aste Nagusia baino lehen, KASi afariak banatzea debekatu zion udalak, eta Aste Nagusi osoan zehar identifikazioak, kalez jantzitako polizien mehatxuak eta jazarpena jasan behar izan dituzte boluntarioek, behar duenari jaten emateagatik. Horrez gain, esanguratsua izan zen Jon Insausti alkateak abuztuaren 9an emandako elkarrizketa, non esan zuen alkatetzak bilera izan zuela garbiketa zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin, «festa eremuetan pankarta aldarrikatzailerik egon ez zedin», festa eta kalea denona zela argudiatuz, gainera.
«Aurpegi atseginaren atzean ezkutatutako autoritarismoari eta eskubide politikoen murrizketei antolakuntzaz eta borrokaz egin behar diegu aurre»
Aste Nagusiaren inguruan egindako balorazioan, nola ez, alkateak etengabe egin du segurtasunaren eta presentzia polizialaren arteko lotura, polizia gehiago egoteak segurtasun handiagoa dakarrela azalduz. «Donostiarron segurtasunaren» izenean, 100 udaltzain gehiago, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza eta hainbat unitate mugikorren presentzia gehitu ditu udalak.
Aurpegi atseginaren atzean ezkutatutako autoritarismoari eta eskubide politikoen murrizketei antolakuntzaz eta borrokaz egin behar diegu aurre. Horregatik, Donostiako Piratei galdera bat eta eskaera bat luzatu nahiko nizkieke. Galdetu nahi diet ea nori egiten dion mesede, bizi dugun testuinguruan, Galernari Piratetan parte hartzea ukatzeak, ez bada erreakzionario eta autoritarioei, jai herrikoiak beraiek arriskuan jartzen dituzten agintariei, alegia. Egitarauan parte hartu genuen lagun horien artean asko eta asko gara urte osoan zehar etxebizitzaren negozioaren, faxismoaren edota indarkeria matxistaren aurka antolatzen garenak, eta gu guztiok Donostiako Piratetatik kanpo kokatu nahi izanak ez die mesede egiten ez Piratei, ezta erreakzioaren aurpegi horien guztien aurkako borrokari ere.
Horrekin lotuta, beraz, eskaera bat: bada garaia Donostian betoa altxatu eta Galernari normaltasunez Donostiako Piratetan parte hartzeari bide emateko. Galernako kideok prest gaude ardura politikoz jokatu eta hori ahalbidetzeko, eta espero dugu ardura hori bera izango duzuela, egoerari behingoz aterabidea emateko.

