
Oposizioak behin betiko onartu zuen bide publikoa terrazekin okupatzeari buruzko ordenantza, Bilduren kontrako botoekin, martxoko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, udal gobernuak ohartarazi zuen adostutako araudiak ez dituela udal teknikariek egindako txostenak kontutan hartzen, «bai segurtasun arloan, baita bizilagunen atseden eskubideari dagokionez ere».

Arte Ederren antzoki ohiaren eraistea saihestuko duen babes maila eman dio Eusko Jaurlaritzak aipatutako eraikinari, maiatzean jakinarazi bezala. Hain justu, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatu du, udal gobernuak eskatu bezala.

Izugarrizko maila erakutsi zuen Urdaibaik, irailean ospatutako Kontxako Banderan. Lehen jardunaldian egindako marka bikaina izan bazen, bigarren igandekoa hobea izan zen. Honela gauzak, Kontxako Bandera irabazteaz gain, bi jardunaldien denborak batuta, historiako markarik onena egin zuten bizkaitarrek: 38:04:76.

http://youtu.be/-DSt8azTTRE Durangotik Iruñera, Gure Esku Dago plataformak egindako giza katea zela eta, 150.000 pertsona inguru egon ziren eskutik helduta. Donostiari zegozkion zazpi kilometroetan, 91. kilometrotik 97. kilometrora, 5.000 lagunek hartu zuten parte, eta eskuz esku lotu zuten Uharte Arakil eta Hiriberri.


Otsaileko denboraleak hankaz gora utzi zuen hiria. Bada, herritarrek ekaitzaren indar berarekin hartu dute ekimena. Auzoetxeak, Piraten indar erakustaldia, auzipetuen kemena eta Gure Esku Dago adibide batzuk besterik ez dira. Herritarrek ekimena hartu dute 2014an, hainbat auzotan egindako lana adibide; Bidebietan, Añorgan, Egian eta Parte Zaharrean, kasu. Lau auzo horietan auzotarren beharretara egokitutako proiektuak gauzatzen saiatu dira, leku batzuetan besteetan baino arrakasta gehiagorekin.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Igeldo herri izendatzeko dekretua, behin-behinean. Igeldoko Herri Kontseiluko eta Itsas Aurre elkarteko kideak haserre azaldu ziren komunikabideen aurrean, otsailean, erabakia jakin eta hurrengo egunean. Itsas Aurreko abokatu Juan Landaren hitzetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak salbuespen neurri bat «aurreiritzi hutsetan» oinarrituta hartu zuela salatu zuen, «inongo argudio juridikorik gabe».

