
Euskara bizirik egon da beti Egia auzoan, baina industrializazioak eragindako eraldaketa eta frankismoaren debekuak zirela medio soilik etxe batzuetan mantendu zuten XX. mendean zehar. Ordea, Euskal Herriko beste hainbat tokitan gertatu zen moduan, 1960ko hamarkadatik aurrera, mugimendu euskaltzale indartsu bat sortu zen Egian, eta klandestinitatetik hasita, auzoa euskaldundu zuten, auzotar askoren konpromisoari esker. Urte luzez garatutako euskalduntze eta alfabetatze prozesua dokumental batean jaso du Enara Varea Letona antropologo egiatarrak.


Grosen egin dugu hitzordua Sofia Facal psikologo eta clownarekin. Argentinatik etorri zen duela bederatzi urte eta Donostiari irriak ateratzen saiatzen da, buru-belarri. Elkarrizketak iraun duen tartean irriz hitz egin du honetaz eta hartaz. Txori baten kakak estreinatu du elkarrizketa, eta honi ere irriz erantzun dio: «Bizitzaren kakak konpontzeaz bizi naiz ni!».

Merkataritza txikiaren inguruko ezohiko udalbatzarrak hiriko saltoki txikiek bizi duten testuingurua ekarri du mahai gainera azken egunotan. Udaleko taldeen adostasun faltaren aurrean, ekintza plan bateratu bat eskatu du Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak. Proiektu zehatzak beharrean, testuingurura egokitzen diren egitasmo iraunkorrak eskatu ditu elkarteko presidente den Julen Imazek.

Amak Contra El Racismo elkarteak eta Amara Berri ikastetxeko guraso elkarteak hiriko lehen erraldoi arrazializatua sortu dute: Kaia. Panpina auzoko ikastetxe guztietako haurrei aurkeztuko diete, arrazakeriarekin eta diskriminazioarekin amaitzeko asmoz.

Igeriketa egokituan, Aberdeenen bikain aritu dira Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire donostiarrak; bi domina eskuratu ditu Llopisek eta errekor bat hautsi du Zudairek.