Topoaren Anoetako geltokiaren atari berria, ia prest: «Udazken hasieran egongo da funtzionamenduan»
Atari berria funtzionamenduan jartzean, bi atari izango ditu Anoetako geltokiak: egungoa eta udazkenean irekiko dutena. Helburua Anoetako terminalaren edukiera hobetzea da.
Anoetako topoaren geltokiaren atari berrian bisita egin dute Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta beste hainbat agintarik, prentsarekin.Beñat Parra Aurrera doaz topoaren Anoetako geltokiaren atari berriaren lanak, eta hedabideentzako bisita egin dute astelehen goizean geltokian Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Jokin Aperribai Realeko presidenteak, Miguel Angel Paez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusiak eta kirol taldeko ordezkaritza batek. Sailburuak azaldu duenez, Anoetako geltokiaren bigarren atariaren egitura amaituta dago, eta estaldura lanei ekin diete langileek. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da azpiegitura hori “udazken hasieran” irekitzea. Garciak eta Aperribaik euren hitzartzeak hasi dituzte “doluminak” adieraziz joan den astean metroaren igarobidearen lanetan hildako langilearen gertukoei.
Atari berria funtzionamenduan jartzean, bi atari izango ditu, beraz, Anoetako geltokiak: egungoa eta udazkenean irekiko dutena. Izan ere, Anoetako geltokiaren eraberritze integraleko proiektuaren barruan sartzen dira gainazaleko bigarren atari horren eraikuntza, egungo atariaren birmoldaketa eta nasen berriztapena eta luzapena. Era berean, “inguruko bideen berrantolaketa konplexu eta sakona egin da”, sailburuaren hitzetan. “Atari berriaren helburua Anoetako terminalaren edukiera hobetzea da, haren fluxuak hobetuz, batez ere pertsona asko biltzen diren ekitaldietan (partidak, kontzertuak, eta abar)”, gaineratu du.
Horrela, bigarren ataria martxan jartzen dutenean hasiko dituzte egun funtzionamenduan dagoenaren birmoldaketa lanak, “bi eraikinek beharrezko koherentzia izan dezaten”, sailburuaren hitzetan. Era berean, Garciak nabarmendu du “lanen lehen faseetan, inguruko bideen berrantolaketa osoa” egin zutela, “Aita Donostia plazako biribilgune zaharra barne, Donostiako Udalak zirkulazioaren arloan ezarritako jarraibideei jarraituz”. “Etapa horren ondoren, eragindako zerbitzuak desbideratu ziren, hau da, lurpeko elektrizitate, telefono edo ur horniduren hodiak, nasetarako sarbide berriko pantailak (hormak) egin aurretik”, gaineratu du.
Hiru milioi joan-etorri
Sailburuak azaldu duenez, Anoetakoa gehien erabiltzen den bigarren geltokia da, 2025ean hiru milioi joan-etorri erregistratu baitzituzten: “Obra honek pertsonen fluxua errazten du partida eta ekitaldietan, Anoetara joaten diren herritarren segurtasun eta erosotasun baldintzak hobetuz”. Gaineratu duenez, “zelaiaren inguruan oinezkoentzako espazioak zabaltzea lortu da”.
Horrela, “Gipuzkoak aurten biziko duen garraioaren iraultzaren” testuinguruan kokatu du Garciak Anoetako geltokiko bigarren ataria, Altza-Galtzaraborda tartea “hilabete barru baino lehenago irekitzearekin” eta “udazkenean” abiaraztekoak diren metroaren igarobidearekin batera —%50eko gainkostua aurreikusi zuen joan den astean Garciak—.

