«Afari solidarioen alternatiba ez da integrala pertsonak kanpoan uzten baditu»
Kristina Fernandez eta Luisa Calvo Mar KASeko kideak aritu dira hizketan prentsaurrekoan.Maddi Viana KASek gaur goizean egindako prentsaurrekoan gogorarazi du afariak debekatzeko erabakia aldebakarrekoa izan zela eta ziurtatu du udalak jartzen dituen baliabideak ez direla nahikoak kale egoeran daudenei elikadura oso eta egonkorra emateko.
Kristina Fernandez eta Luisa Calvo Mar KASeko kideak aritu dira hizketan prentsaurrekoan eta adierazi dute esplizituki eskaini zutela udalarekin elkarlanerako bidea irekitzea. Jaso zuten erantzuna “ezezko biribila” izan zela salatu eta gaineratu dute oraintxe udalarekin elkarrizketarik ez dela existitzen.
Gogorarazi dute KASen asmoa ez dela betirako existitzea, baizik eta udalak afarietara joaten ziren pertsonei “arreta emateko baliabide nahikoak, irisgarriak eta egokiak sortu ahala” afari solidarioak desagertzen joatea, modu naturalean. Orain arte, udalak estal ezin zezakeen behar bati erantzun diotela azaldu dute.
Udalaren erantzuna
Udalak, bere aldetik, beste 100 otordu emango zituela ziurtatu zuen, milioi erdi gehiagoko aurrekontu berriarekin. KASek, ordea, azaldu du otordu hori aurretik zegoen itxaron zerrenda bat kubritzeko dela eta nabarmendu dut itxaron zerrenda horrek urtebete daramala ez aurrera, ez atzera. Honakoa gaineratu dute: “Afari solidarioen alternatiba ez da integrala pertsonak kanpoan uzten baditu”.
Gainera, KASko kideek berriro ere salatu dute, udalak haien lana “publikoki zalantzan” jarri artean, haien kontura afariak banatzen ari diren boluntarioak kriminalizazioa, jazarpena eta identifikazio polizialak jasaten ari direla. Udal zerbitzuek pertsonak KASera bideratu izan dituztela aipatu dute, beste baliabiderik ez zegoelako, baina, orain erakundeen erantzuna “delituzko jarduera bat” egingo balute bezala tratatzea ez dutela ulertzen adierazi dute.

