
35 urte bete ditu Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak; 35 urte euskararen aldeko lan nekaezina egiten. Urteurrenaren bueltan eta Bageraren balioekin bat eginez, Donostiako Piratek elkarte euskaltzalea omenduko dute Aste Nagusian, Bagera izango baita Matti pertsonaia. Horrela, Aste Nagusira begira jarri gara, Amets Ibero Bagerako koordinatzailearekin eta Aitor Egaña Donostiako Piraten komunikazio arduradunarekin batera.

Etzakit taldeak 23 urteren ondoren ekin dio, berriz ere, oholtza gaineko bideari. Oialumen abiatu zuten itzulera, eta, ordutik, hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian. Abuztuaren 15ean Donostiako Aste Nagusian ariko dira, Saguesen, eta kontzertu hori baliatu dugu Aitor Zabaleta Alduntzin taldeko kidearekin Etzakiten itzuleraz eta bizi duten uneaz hitz egiteko.

Trikitia eta panderoa eskuan, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Tapia eta Leturia taldeak. Zenbait urtez elkarrekin jo gabe egon ondoren, duela hiru urte itzuli ziren oholtza gainera, eta abuztuaren 10ean Donostiako Piraten Aste Nagusiko eszenatokian ariko dira. Joseba Tapiak aitortu du erronka dela belaunaldi berrien aurrean jotzea, baina, dioenez, lehen gurasoek kantatzen zituzten abesti berberekin, orain, seme-alabak ere dantzan ikusten dituzte.